Hori da lehenengo barneratu nuen hitza: polako: lasai, astiro. Batetik eta bestetik errepikatzen zidaten hasieran, gogoa neukan azkar ikasteko eta dena jakiteko eta bertakoek behin eta berriz errepikatzen zidaten eta orain argi daukat!
Heldu nintzen Petrinjara abuztuaren hasieran, autobusean egin nuen Zagrebetik bidaia, urduri, zer aurkituko nuen ez nekiela eta ea geltoki egokian geldituko ote nintzen pentsatzen… baina bai, heltzerakoan han zeuden nire zain Laura eta Laki, oporretan zeudela baina irailean bueltatuko zirela lanera, eta izozki bat jatera joan ginen.
Gero etorri zen nire pisukide eta laguna izango zen Lea eta elkarteko presidentea Tamara, eman zizkigun etxeko plater eta edalontzi eta beharko genituen horrelakoak, eta etxera. Niretzako dena zen berria baina lasaitu nintzen ohera sartzerakoan, azkenean ezagutu nuen jakin gabeko dena!
Egunak argitu zuenean joan ginen oinez ttipi-ttapa erreka ondotik IKS-era, gure laneko lehen eguna. Ezagutu genituen Duda, Andrea eta Zdenka, itzelezko andrak! Elkar ulertzeko arazoak genituen, baina irribarrea eskerrak internazionala den.
Orduan ezagutu genuen lokala bizirik, jendea hara ta hona eta egitasmoen nondik norakoak azaldu zizkiguten.
Abuztu arratsaldetan errekara joatea zen plana, beste boluntarioek erakutsi zizkiguten txokoak.

Horrela joan ziren ia konturatu gabe egunak aurrera, goizero kroazierako hiztegia hartu eta esaldiren bat ikasi nahirik, eta heldu zen asteburua; Lovrencevo, egun haundia Petrinjan. Eguneko eta gaueko jai giroa ezagutu genuen eta herritarrak hurbiltzen zitzaizkigun ea nongoak garen galdezka, oso jatorrak.
Jana hurrengo egunean heldu zen, gure lagun, pisukide eta lankide izango zen neska. Hirurok erabaki genuen hurrengo asteburuan Esloveniara txango bat egitea eta leku zoragarriak ezagutu genituen: Ljubljana hiri xarmanta eta Bled laku zoragarria. Zagrebetik pasatuta, noski!
Astean zeharreko egunak ere ederrak dira, lana ez da lana gustora egiten denean, eta buruan mila proiektu eta eskuetan beste hainbeste aurrera ateratzeko gogoz. Txotxongiloak egiten ikasten ari gara, hiru emakumek saldu egiten dituzte, eta beraiek irakasten digute josteko makiña nola erabili, patroiak, materialak… gero, egiten ditugun panpinekin istorioak asmatuko ditugu inguruko eskoletan hiritartasunerako hezkuntzako gai batzuk lantzeko.
Gogoz sentitzen naiz egun bakoitzari irribarre bat ataratzeko; bildurrez negua gogorra izango ote den, batez ere etxebizitzen teilatu zorrotzak ikusita, baina momentuz Lorentzok gogor jotzen du. Zerbaitegatik izango da herriko patroia!
