Uztaila heldu da, 11 hilabete pasatu dira lehenengoz Petrinjara heldu nintzenetik. Sinestezina egiten da, zelako azkar pasa den urtea, eta zenbat gauza egiteko denbora izan dudan!
Haurrek udako oporrak hasi zituzten duela bi aste, eta kaleetan nabaritzen da beste anbiente bat, baita agureak ere
animatzen dira orain paseotxo bat ematera, eguzkiak gehiegi jotzen ez duenean. Petrinjako kaleak bete dira, eta zer
esanik ez ibai-aldea, Kupa beach. Eguraldi ederra dago, eta lanean ere nabaritzen da beste erritmo bat.
Orain udalekuak antolatu ditugu bi asteetan zehar. Jende gaztea etorri da hemengo ume eta gazteentzako tailer eta
jolasak prestatzeko asmoekin, baita inguruko herrietan laguntza lanak egiteko ere. Guk, txotxongilo tailerreko neskok,
beste zeregin bat daukagu asteburuan:
Kostaldeko herrixka batera goaz txotxongiloak saltzera! Hori izango da gure proiektua borobilduko duena,
hemengo beste elkarte batzuetako jendearekin batera, autobusean jaialdi batera goaz, eta han guretzako
mahai bat edukiko dugu guk geuk egindako txotxongiloak saltzeko. Ederra izango da.
Hemengo inguru denak ezagutzeko aukera izan dut, baita mugaldetako herrialdeak ere, baina beti utzi nahi izaten dut
zerbait ezagutu gabe, hurrengo ere ostera bat egiteko arrazoia edukitzeko.
Beraz, agur barik, noizbait arte batekin agurtuko naiz hain oroitzapen politak sortarazi dizkidan herrialde,
herri eta jendarte honetaz! Hvala i vidimo se uskoro!
