Nire azken zutabe hau ZUEI eskaini nahi dizuet: urte honetan zehar hainbeste irakatsi eta hainbeste aguantatu didazuenoi.
Ez dut hasi nahi banan-banan izendatzen nortzuk zareten, baina ez da bat ez bi, asko zarete urte hau aberastu didazuenak;
bai ondoan egon zaretelako eta bai urrunetik zuen berotasuna eman didazuelako.
Zuri ere bai susjeda! Hain ederki zaindu dituzulako zure eta gure loreak, eta nire kroazierazko ahozkoa zurekin hitz eginez landu dut.
Hortxe egon izan zara beti, atearen edo leihoaren beste aldean, beti laguntzeko prest, eta hitz hauek beraz, zuretzat ere badira.
Bukatzear dago abentura hau, etorri aurretik hasi zena, lagun eta familia agurtu eta txotxongiloak egiten ikastera noala esan nienean.
Ez nekien zer zen EVS eta gobernuz kanpoko erakundeekin ez nuen harremanik izan aurretik. Zorte handia izan nuen aukera honekin,
eta orain, urte bete eta gero, ohartzen naiz ondo baino hobeto aprobetxatu dudala eta zortea bikoitza izan dela aurkitu dudan jendeagatik.
Txotxongiloak egiten ikasi dut, eta ez edozelako txotxongiloak, nire josteko gaitasuna eta sormena garatzen lagundu didaten txotxongilo
bereziak dira, eta beraien bitartez kroazieraz hitz egiten (irakurtzen lehenengo) ikasi dut eta Petrinjako eskolak eta haurrak ezagutarazi dizkidate.

Lagun artean pasa ditut udazkena, negua, udaberria eta uda, urtaro bakoitza berezitasun batek koloreztatu du eta denbora-pasa
ezberdinak bilatu ditugu sasoiaren arabera. Zer esanik ez bisitatu ditugun leku eta herrialde ezberdinez asko dira egin ditugun bidai
txiki eta handiak, baina asko dira ere herrian bertan egin ditugun abenturak, barre pila egin bitartean, negarrak ere elkarbanatu ditugularik.
Batzuetan, gogorra egiten da jende berdinarekin bizi eta gelatxo batean lan egin behar izatea. Norberak bere espazioa behar izaten du,
eta bizimodu honekin ez da erreza distantzia hartzea norberarentzako… hala ere, hau ez da izan arazo. Egunak eta egunak izan ditugu denok,
baina aurrera egin dugu elkarri laguntza emanez, benetan eskertzekoa da.

Ze hori ere bada EVS ezta? Elkarrekin bizi, lan egin eta gozatu, eta bitartean ezberdintasunez jabetu eta besteengandik eta norberarengandik ikasi.
Ez da hizkuntza bakarrik, ez dira ezberdintasun kulturalak bakarrik, ez da nortasuna bakarrik… denaren nahasketa aberasgarria da!
Hasieratik egon dira beste boluntario batzuk inguruan, kanpokoak batzuk eta bertakoak beste batzuk, beraien esperientziez eta Petrinjako bizimodu
ezberdinez hitz egin izan digutenak. Gero, beste batzuk etorri ziren, eta orduan gu izan gara herriaren berri eman eta gure bizipenez hitz egin diegunak,
belaunaldi-belaunaldi pasatzen diren jakintzak bezala. Orain, gu bagoaz eta beraiek geratuko dira lekukoarekin, beste boluntario berri batzuk etorri arte.
Badakit faltan botako gaituztela… ni ere noizean behin pentsatzen ipiniko naiz zer ote dabiltzan inguru hauetatik!
Egun hau gogoan daukat; bi astetarako joatekoak ziren eta agurtzera irten ginen autobus geltokira instrumentu eta guzti, eta kroazieraz ikasi
genuen abesti bat agurra emozioz betetzeko… oso polita izan zen.
Mila proiektu eta zeregin eduki ditut gogoan egonaldi honetan. Batzuk, aurrera atera ditut, beste batzuentzako denborarik ez edo antolaketa eza,
baina ez da gutxi gogoan mantentzen baditut! Batukada taldea sortu nahi nuen; heldu, gazte eta haurrek elkarrekin aurrera atera ahalko luketen
talde bat. Horrela, Petrinjako kaleak noizean behin zarata eta soinuz beteko ziren eta irribarreak nagusitu… ezin izan da posible izan, baina hortxe
geratzen da ideia gutxienez.
Gure proiektua borobiltzeko, Biograd izeneko kostaldeko herri baten egon gara asteburuan. Itsas ertzean, “LAG Summer Festival”en parte hartu dugu.
Guk geuk egindako txotxongiloak saltzen ipini ditugu han bi egunez, beste eskuz egindako produktu askoren artean. Jendez gainezka zegoen ingurua,
eta haur eta helduak hurbiltzen ziren gure postura, jakin nahiez, eta gu eszenario eta guzti, txotxongiloekin jolasten ibili gara.
Ederra izan da asteburua, bai gure proiektua eta bai etxekoen arteko harremana borobiltzeko aproposa. Ez ditugu txotxongilo asko saldu, baina askoz
gehiago balio du bizitakoak!
Beste mila gauza egin ditut, eta beste mila gauzetan pentsatu. Urrutian utzi ditudanekin ere harreman bereziak sortu ditut, distantziak
eragiten dituen komunikazio eza, ulertzeko zailtasunak… horiek denak gaindituz. Eskutitzak eta postalak idatzi ditut jo ta su, emailak ez
hainbeste ze azkenerako nekagarri egiten da denbora hartu behar izatea idazteko, eta ordenagailu aurrean egoteak nekatu egiten nau.
Desiatzen nago berriz ere aurrez aurre egoteko lagun eta familiakoekin, begietara begiratu eta barrez lehertzeko, belarriak zabaldu eta
entzundakoaz harritu eta emozionatzeko, eta batez ere besarkada ederrak emoteko!
Ze besarkadak gustatzen zaizkit, baina agurrak ez… nomada bizimodua badaramat ere, kosta egiten zait lekuz aldatzeko pausoak ematea,
batez ere jendeaz eta lekuetaz agurtzea. Horregatik hitz guzti hauek zuentzako guztiontzako, agur esateko momentuan aterako ez zaizkidan
hitz guzti hauek. Eta batez ere ESKERRIK ASKO.
Ondo segi, Petrinjan uzten dut nire aztarnatxo bat, eta Petrinjak uzten du nigan beste bat. Hori da elkartrukea, HVALA LIJEPA I DRUGI PUT!

