P1080140

GURE AUZOA MAITE DUGULAKO!

Elurrak urtu, uholdeak pasa eta badirudi Lorentzori bueltan bisitan etortzeko gogoak etorri zaizkiola!

 

 

P1080144 - GURE AUZOA MAITE DUGULAKO!

 

 Etxean bezala sentitzen gara orain, 8 hilabete eta gero ohiturak hartzen hasi eta rutinan murgilduta gaude.

Orain Petrinjako egunerokotasunak eta inguruak ez dira arrotzak; ez zen erraza izan neguko egun ilun eta

hotzei ohitzea eta ez da erraza izan ordu batetik aurrera kaleak hutsik aurkitzea… baina bai erraza izan dela,

egunak joan eta egunak etorri, etxeetako hormak zulatuta ikustea, adreilu soileko hormadun hainbat eta hainbat

etxe, suntsitutako etxeak, sekula berreraiki gabeak… guzti hori gure begietan orain normaltasunaren barruan dago.

 

Nire ustez, hein batean, horrek isladatzen du gizartearen pasibitatea, gobernuarena isladatzen duen bezala.

Pasibitatea baino, erosotasunaren muga: “zertarako eskatu, ez badigute emango?” “zertarako aldatu,

beste gauza garrantzitsuagoak badaude aldatzeko?” “nahikoa daukagu bihar zer jan pentsatzearekin” “ez dut nahi

nire seme-alabak herrialde honetan hazterik” “zer egin dezakegu?”

 

BIZ - GURE AUZOA MAITE DUGULAKO!

…gizonak lanean eta emakume gonadunak umeak zaintzen…

 

Horrelakoak sarri entzun ditut, behin baino gehiagotan. Horrek sortarazten du nire shock kulturala,

gure herrian zorionez, pentsamoldeak eta bizitzeko erak desberdinak direlako. Eta zorionez esaten dut,

ez konparaketa baten ondorio delako, baizik eta desberdintasunen aberastasunean sinisten dudalako,

hori baita elkarbizitzaren funtsa.

 

Ez dut konparaketarik egin nahi. Ez dut hausnarketarako balioko ez duen kritikarik egin nahi.

Nire esperientziaren berri eman nahi dut, nola gure herrian (zorionez) gizarte aktibo bat exisitzen den ,

(nahiz eta pasibotasunera bultzatzen gaituen gaur eguneko bizi estilo inposatu honek) non gizarteko arazoak

azaleratu, diskutitu, hausnarketarako aukerak zabaldu eta injustizien kontra borrokatzen den, edo saiatzen

den (zoritxarrez), herrialde zapaldua bait gara. Baina ez suntsitua.

 

par - GURE AUZOA MAITE DUGULAKO!

 

Han edo hemen, era batean edo bestean, zapalduak dira sujetu, pertsona, kolektibo edo herri gisa ditugun eskubideak, edo hobeto

esanda, izan beharko genituen eskubideak. Eskubide horiek eskuratzeko norberak egin behar ditu urratsak, uste dut norbanakoarengandik

hasi behar dela borroka, eta lehen urratsa hau izan daiteke:

 

NIRE BURUARI GALDETU: ZEINTZUK DIRA IZAN BEHARKO NITUZKEEN ESKUBIDEAK ETA BETE EZIN DITUDANAK?

 

Ez da galdera erraza; errazagoa da politikariak kritikatu, batzuek lapurtu eta eskuratu ezingo dugun diruaz hitz egin, sistemaz kexatu…

eta sare sozialetan besteen kexuei kasu egin, baina har dezagun denbora bat gure bizitzetan hausnartzeko. Gutxienez pentsatzeko.

 

 

nes - GURE AUZOA MAITE DUGULAKO!

 

 

Ez da gauza handia, baina nohizean behin gutxi batzuk elkartzen gara film labur bat ikusi eta horren harira,

diskriminazio egoera desberdinetaz hitz egiteko. Oso interesgarriak dira arratsalde horiek, hitz egin eta besteen

ikuspuntuak ikusi eta horiengandik ikasi dezakegulako. Orain arte sexu aukerarengatik eta generoarengatik sortutako

diskriminazioaz aritu gara, eta abortua da hurrengo gaia. Polita da ikustea jendearen hitz egiteko nahia, bere

ikuspuntuak elkarbanatzeko nahia eta pentsatzeko gogoa.

 

Polita da baita ere eskoletara joan, txotxongilo ikuskizun bat egin eta umeen irribarreak ikustea minutu batzuez adi

eta pentsakor egon eta gero. Pentsatzea polita da, baina are politagoa pentsaraztea.

 

Eta politena, umeak auzoan jolasten ikustea arratsalde osoz, ilundu eta giroa freskatu arte. Honetan bai konparaketa

egingo dudala, ze konturatu naiz gurean galtzen dagoela hori. Umeak ez dute aske jolasteko aukerarik! Kotxeak daudelako,

ez dagoelako espazio egokirik, denborarik ematen ez zaielako… milaka dira arrazoiak, baina umeen jolasteko eskubidearen

alde borrokatuko nuke!

 

Gustatzen zait bizi naizen auzoa, gustatzen zait bizi naizen hiria eta gustatzen zait bizi naizen herrialdea,

baina batez ere, osatzen duten pertsonak gustatzen zaizkit, pentsatu edo pentsatu nahiez aurrera egiten dutenak.