Badoaz egunak aurrera Petrinjan. Mila bizipen eta mila istorio, hara eta hona ibili gara opor txiki eta ez hain txikietan.
Irailean Orahovica-ra joan ginen “training” bat egitera; han ezagutu genituen, gu bezala, Kroaziako beste txoko batzuetan hainbat proiektu desberdinetan lanean dabiltzan gazteak. Poloniatik, Italiatik, Alemaniatik, Bosniatik, Espainiatik, Mazedoniatik, Bulgariatik eta Portugaletik etorritako beste boluntario batzuk ezagutu genituen eta lauzpabost egun eder igaro.
Urrian Sarajevora joan ginen: asko harritu ninduen bertakoen hurbiltasunak, baina parajearen alderdi gazi-gozoak are gehiago. Trenean bidaiatzen gindoazela lurraldearen edertasunaz gozatu ahal izan nuen, baina era berean gerraosteko aztarnek sentipen arraroak sorrarazi zizkidan. Hiria bera ikusgarria da, musulman kutsu horrek harrapatzen zaitu.

Asteburuetan ez gara geldirik geratu. Bateko Zagreben itzelezko kontzertua (Dubioza Kolektiv), besteko Petrinjan bertan mendi aldera edo larunbatetako merkatuko anbientera, zirko festibaleko ikuskizuna ikustera, Veneziara ere ailegatu ginan…

…eta ongi etorri festa ere egin genuen (hobe berandu inoiz ez baino).

Heldu zan gabon sasoia eta Euskal Herrira buelta! Oporrak beharrean, gelditu gabeko hamar egun izan ziran, faltan botatako danen besarkada eta kontakizunak harrapatzeko asmotan egunek hegan egin zuten, baina ikaragarri gozatu nuen banuelako nireen “dosi” bat jasotzeko premia.
Bueltan bisita eduki genuen eta kotxe bat alkilatu eta urteari agur esateko asmotan Serbiara abiatu ginen. Belgrado itzel gustatu zitzaigun, eta 31ko gau ederra pasa genuen. Handik Hungariako Budapestera, turisten antzera ibili eta ibili eta buelta, dagoeneko faltan botatzen genuen Petrinja eta.
Hara, hona, joan, etorri… eta bitarte guzti horretan josi ta josi, pentsatu eta pentsatu, sortu ta sortu. “Prica o drvetu” izeneko espektakulua sortu genuen eta eskolaz eskola ibili gara Petrinjako eta inguruko herrietako umeei txotxongiloekin irribarreak sortarazten.


